martes, 14 de abril de 2015

Hiru bigarren posturekin gustura Tolosaldekoak

Asier Imaz 2015-04-14 10:30   KIROLA  TOLOSALDEA
Gipuzkoako Batel Txapelketaren finalak jokatu ziren asteburuan, eta eskualdeko arraunlariak banderak gertu izan zituzten arren, bigarren postuak pilatuta itzuli ziren Tolosaldera. 
Lau finaletarako sailkapena lortu zuten, eta hiru bigarren postu eskuratu zituzten. Arraunlari nahiz klubeko ordezkariak, «oso gustura» agertu dira egindako lanarekin. Nahiz eta, lan hori egiteko zailtasunak ere izan dituzten.
Anjel Larrañaga entrenatzaileetako batek Ataria Irratian hitz egin zuen bere sentsazioak azaltzeko: «Gustura gaude, nahiz eta beti geratzen zaizun zerbait, aukerak emaitzekin ez dituzunen goxatzean. Arerioen maila ikusita, ordea, ezinbestean konforme egon beharra dago».
Orio nagusitu da beste guztien gainetik, eta Tolosaldea bigarren postuan ibiltzea, meritu handikoa dela dio Larrañagak: «Ikusi besterik ez dago euren azpiegiturak nolakoak diren. Zortzi banderetatik sei euren eraman dituzte. Bigarren geratzea ez da nolanahikoa, eta horri ere bere balioa eman behar zaio. Hala eta guztiz ere, banderaren bat ez da oso urruti ibili».
TAK-eko entrenatzaileak, ordea, argi du euren lana nondik norakoa den: «Emaitzak lortzea beti izaten da polita, baina ikasia erakustea besterik ez diegu eskatzen gure neska-mutilei. Ez beste ezer. Itsura ona ematea nahi dugu, ez dezala kanpotik begira dagoenak esan zein trakets dabiltzan horiek. Horregatik, egindako guztiarekin oso gustura gaude klubeko arduradun eta arraunlariak».
Ez da denboraldi hasiera erraza izan. Eguraldiak zailtasun handiak ekarri ditu berarekin, eta Orian entrenatzeko aukera handiegirik ez dute izan. Horrez gain, estropada ugari bertan behera geratu dira. Ondorioz, lehen zati honetan lehorreko entrenamenduak izan dira nagusi, eta hor lan «ona» egin duten arren, uretako «punttua» falta izan zaiela aipatu du Anjel Larrañagak: «Eta hori, nabaritu egin da estropadetan».  
Behin Gipuzkoako Batel Txapelketaren finalak jokatuta, Euskadikora begira jarri dira eskualdeko ordezkariak. Lurralde mailako estropadetan bezala, sei trainerurekin joango dira Tolosaldeko Arraun Klubekoak. «Guretzat hori nahikoa lan izaten da. Izan ere, 80 haurrekin autobusean hara eta hona ibiltzea, batelak ematea...». Baina aukera dutenez, ezin hutsik egin eta berriro ere banderaren lehian ibiltzea espero dute.
Espainiako Txapelketarako txartela Euskadikoan banatuko dira, eta ondoren, batel denboraldiari agur esango diote.
Arraun denboraldian, batelen ondoren trainerillak etortzen dira. Kasu horretan, Tolosaldeko arraunlariek nahi duten aukera izango dute, klubak ez baitu ontzirik ateratzen. Hori bai, behar duten laguntza guztia izango dute arraunlariek.  
Ziaboga onenaren saria
Gipuzkoako Batel Txapelketaren finaletan saria irabazi zuena Mikel Areizaga izan zen. Tolosaldea-ko infantilen patroiak, ziabogarik onena egin zuela erabaki zuten epaileek, eta horregatik, Areizagari saria eman zioten estropada amaierako ekitaldian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario